Lurra, unibertsoko planeta


 

Gure bizilekua Lur deritzon planeta txiki bat da eta izar baten inguruan dabil biraka, Eguzkiaren inguruan, hain zuzen ere. Lurretik hurbil eta Eguzkiaren inguruan planetak eta beste gorputz batzuk ere badaude, hala nola, sateliteak, asteroideak, kometak... Urrutiago, beste izar batzuk eta izar horiek sortu diren inguruko gas-lainoak daude. Izar-multzo, gas-laino, planeta eta satelite horiek guztiek unibertsoa osatzen dute.

 

Orain dela gutxi arte, unibertsoa gutxi gorabehera beti egoera berean existitu izan dela uste izan da, baina XX. mendearen hasieran gero eta handiagoa dela jakin genuen. Egin diren ikerketen arabera, unibertsoa duela 15.000 milioi urte inguru gertatutako leherketa handi big-bang baten ondoren sortu zen. Une hartan dena nukleo kondentsatu batean bilduta zegoen eta, lehertu eta gero materia zabaldu egin zen, izar, planeta eta, azkenik, bizi bihurtu zen.

 

Materia hori ez zen uniformeki banatu unibertso osoan, eta inguru batzuetan materia-kopuru gehiago bildu zen eta beste batzuetan, aldiz, gutxiago. Materia gehien zuten inguruak materia gehiago erakartzen hasi ziren eta, horrela, galaxiak sortu ziren. Galaxia bat gune baten inguruan biraka dabiltzan ehunka edo milaka milioi izarren multzo bat da.

 

Esne Bidea, Santiago Bidea izenaz ere ezagutzen dena, Eguzkia barne hartzen duen galaxia da eta udako gau argitan, ilargirik ez dagoen gauetan, zeruan nondik nora doan ikus daiteke, bertan marra argiago bat antzema dezakegularik.

 

 

 

 

Eguzki-SistemaMugimen



Eguzki-Sistema Eguzkiak eta haren inguruan mugitzen diren gorputzek osatzen dute: zortzi planeta eta horien inguruko sateliteak, asteroideak, meteoritoak, kometak, hautsa eta gasa.

Eguzki sistemako planetek bi mugimendu egiten dituzte nagusiki:

ˇ     Errotazioa: beren ardatzaren inguruan birak ematen dituzte. Bira batek planetaren “egunaren” iraupena zehazten du;

ˇ     Translazioa: eguzkiaren inguruan osatzen duten orbita da. Bira batek planeta horren “urtea” zehazten du.

 

 

Mugimendu hauen ondorioak

 

Errotazio mugimendua

Lurrak bere ardatzaren inguruan mendebaldetik ekialderantz egiten du bira errotazio-mugimenduaren ondorioz.
Lurra esfera bat dela kontuan hartzen badugu, eguzki-izpiek gainazalaren guneen arabera zuzenean edo zeharka jotzen dute. Izpi perpendikularrak jasotzen dituzten guneetan gainerakoetan baino bero handiagoa egiten du. Izpiek zeharka jotzen duten tokietan aldiz, ez du halako berorik egiten.

Aipatutakoaren ondorioz, Lurreko gainazaleko puntu guztiek ez dute berotasun bera jasotzen.
Horregatik, Lurrean zenbait gune daude:

ˇ     Gune beroa ekuatorearen inguruan. Eguzki-izpiek perpendikularki jotzen dute urte osoan zehar.

ˇ     Bi inguru epel, ekuatorearen iparraldean bata eta hegoaldean bestea.

ˇ     Bi gune hotz, Lurreko bi poloetatik hurbil.

Lurra ia esfera bat denez, planetaren zati batek Eguzkiaren argia hartzen duenean, bestea ilunpetan geratzen da; gune horretan gaua da. Eguzkiaren argia jasotzen duen aldean, berriz, eguna da.

Translazio mugimendua

Translazio-mugimendua Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen mugimendua da. Horretarako, 365 egun, 6 ordu eta 9 minutu behar ditu Lurrak eta denbora horri urte esaten zaio.

Translazio-mugimenduaren eta Lurreko ardatzaren kokapen makurraren ondorio nagusiak urtaroak dira: udaberria, uda, udazkena eta negua. Urtaro horiek ez datoz bat Ipar eta Hego hemisferioetan.

Bestetik, makurdura horrek egunen eta gauen iraupen desberdinak ere sortzen ditu. Beraz, iraupen luzeenak eta laburrenak ekainaren 22 eta abenduaren 22 inguruko solstizioetan gertatzen dira. Era berean, beste bi unetan ere egunaren eta gauaren iraupena berbera da: irailaren 23 eta martxoaren 21 inguruko ekinozioak dira. Egun horien artean garatzen dira urtaroak: udaberria, uda, udazkena eta negua. Ipar hemisferioan, ekainaren 22ko solstizioa udaren hasierari dagokio. Hego hemisferioan, aldiz, urteko egunik laburrena da egun hori, eta orduan hasten da negua. Udaberriko eta udazkeneko ekinozioetan egunek bi hemisferioetan berdin irauten dute.

 

Lurraren osaera

Hainbat geruzak osatzen du Lurra: atmosfera, hidrosfera, litosfera, mantua eta nukleoa. Gainera, ez dugu ahaztu behar, Lurra dela oxigenoa eta ur ugari dituen planeta ezagun bakarra.

 

 

ˇ     Atmosfera, Lurraren inguruan dagoen gasez osatutako geruza da. 1000 km. baino gehiagoko zabalera du.

 

ˇ     Hidrosfera, uraz osatutako geruza da. Batez ere itsasoek eta ozeanoek osatzen dute, baina baita lakuek, ibaiek eta lur azpiko urek ere.

 

ˇ     Litosfera, planetaren lehenengo geruza solidoa da. Bi geruza ditu: Lurrazala (kontinenteak, irlak eta ozeanoetako hondoa osatzen dituena), eta goi-mantua. Litosfera, hamabi bat plaka tektonikotan  (Lurrazala banatuta dagoen zati edo bloke handiak.)   banatuta dago. Astenosferako (Goi-mantua eta behe-mantua banatzen dituen geruza.) arroka ia urtuek kontinenteak lurrazaletik mugitzea ahalbidetzen dute.

 

ˇ     Mantua, lurrazalaren oinarritik, gutxi gorabehera, 2.900 km-ko sakonera doa. Harri solidoez osatuta dago, maila sakonetan material urtuak agertzen badira ere.

 

ˇ     Nukleoaren kanpoko geruzak 2.000 km-ko zabalera du, eta isurkari egoeran dauden materialez osatuta dago (burdinaz eta nikelez batez ere); eta barruko geruzak 1.350 km-ko erradioa du. Bertan 6.000 ēC baino gehiagoko tenperaturak egoten dira.